Udala

Urretxuko udalak 2026ko lehen ohiko osoko bilkura egin du

Urretxuko udalak 2026ko lehen ohiko osoko bilkura egin du

  • Udal Osoko Bilkurak terrazak eta merkataritzako kanpo-elementuak arautzeko ordenantzaren hasierako onespena eman du, eta gobernantza ona sendotzeko beste urrats bat egin du, Udaleko langileen Kode Etikoa onartuta.

  • 2026ko lehen ohiko Osoko Bilkuran, eskola-kirolari lotutako gai ekonomikoak eta adinekoen Eguneko Zentroari buruzko hitzarmenaren eguneraketa ere aztertu dira.

Urretxuko Udalak 2026ko lehen ohiko Osoko Bilkura egin zuen joan den asteazkenean. Bertan, udal-kudeaketarekin lotutako hainbat gai jorratu ziren, arlo ekonomikoan, araugintzan eta antolakuntzan.

Saioaren hasieran, 2025eko urriaren 15ean, azaroaren 19an eta abenduaren 18an egindako ezohiko Osoko Bilkuretako aktak onartu ziren. Halaber, irailetik abendura bitartean Alkatetzak emandako ebazpenen berri eman zen; alkateak azaldu zuenez, gai horiek aurrez aztertu eta argitu ziren informazio-batzordeetan.

Eskola-kirolari lotutako kreditu-aldaketa

Osoko Bilkurari 2025eko ekitaldiko hamargarren kreditu-aldaketaren berri eman zitzaion, eskola-kirolarekin lotuta. Hasierako aurrekontuan 16.000 euroko partida aurreikusia bazegoen ere, Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotako dirulaguntza 22.552 eurokoa izan da azkenean. Hori dela eta, gastu-partida 20.000 eurora egokitu da, 4.000 euroko kreditu-aldaketa eginez.

Terrazak eta merkataritzako kanpo-elementuak arautzeko ordenantzaren hasierako onespena

Saioan landutako puntu nagusietako bat izan zen espazio publikoaren okupazioa arautzeko ordenantzaren hasierako onespena, terrazak, erakusmahaiak eta merkataritzari lotutako bestelako kanpo-elementuak arautzen dituena. Kontsulta publikoaren epea amaitu ondoren —eta epe horretan inolako ekarpenik jaso gabe, ez sektoretik, ez herritarren aldetik, ezta talde politikoen aldetik ere—, ordenantza bozketara eraman zen.

Ordenantzak terrazen instalazio- eta funtzionamendu-baldintzak zehazten ditu, eta berrikuntza gisa jasotzen du instalazioak jasotzeko gune espezifikoak definitzea, bai eta merkataritzako kanpo-elementuei aplikatu beharreko irizpideak ere.

Proposamena hasiera batean onartu zen EAJ-PNVren eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta EH Bilduren abstentzioarekin.

Eguneko Zentroari buruzko hitzarmenaren aldaketa

Osoko Bilkuran, halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Urretxuko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmenaren aldaketa onartu zen, mendekotasun-egoerei aurrea hartzeko eta horiei erantzuteko zerbitzuei dagokienez. Aldaketak adinekoen Eguneko Zentroen finantzaketarako gehieneko tarifak eguneratzen ditu, bai eta langileen gutxieneko lan-baldintzak ere, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrerako eraginarekin.

Udaleko langileen Kode Etikoaren onespena

Azkenik, Urretxuko Udaleko langile publikoen Kode Etiko eta Jokabide Kodea onartu zen, Europako Kontseiluaren Gobernantza Bikaintasunaren Zigilua (ELoGE) ezartzeko prozesuaren barruan.

Dokumentuaren helburua da udalaren osotasun-politika indartzea eta langile publikoen jarduna gidatuko duten balio eta printzipioak finkatzea, herritarrei zerbitzu profesionala, inpartziala eta gardena eskaintzeko eta udal-erakundearekiko konfiantza sendotzeko.

Urretxuko udala