Select your language

Udala

Urretxuk komun publiko autogarbigarri berria izango du bidegorri inguruan

Urretxuk komun publiko autogarbigarri berria izango du bidegorri inguruan

Auzotarren eskaerari erantzunez eta irizpide teknikoak oinarri hartuta, 80.000 euroko inbertsioarekin zerbitzu moderno, irisgarri eta automatikoa eskainiko da.

Urretxuk datozen egunetan jarriko du martxan komun publiko autogarbigarri berria, brigadak irisgarritasuna bermatzeko azken lanak amaitu eta hornidura elektrikoa aktibatzen denean. Aurreikuspenen arabera, 10-15 eguneko epean egongo da erabilgarri.

Kokapen estrategikoa, zerbitzu teknikoek babestua

Komuna kokatzeko orduan, azpiegitura mota honek eskatzen dituen zerbitzu teknikoak hartu dira kontuan. Ur-hartunea, saneamendua eta argindarra inguruan gertuen zeuden tokian jarri da, txosten teknikoek kokapena egokia zela ondorioztatu ondoren.

Auzotarrek 2025eko aurrekontu parte-hartzaileetarako bileretan inguru horretan beste komun bat jartzeko eskaera egin zuten. Hasieran bidegorri ondoan kokatzeko proposamena jaso zen, eta haur parke estalia gertu izanik, gune hori egokitzat jo zen. Komun hau izango da bidegorrian kokatzen den hirugarrena.

Estetikoki, gune berde batean integratuko da, zuhaitzen artean kokatuta eta ingurua belargunez egokituta.

Irisgarritasuna eta doakotasuna bermatuta

Barruko komun nagusiak irisgarritasun osoa bermatzen du eta mugikortasun urriko pertsonentzako egokituta dago. Kanpoko kabinak, modelo honetako komunetan ohikoa den bezala, ez du irisgarritasun osoa betetzen sarrerako koxka txiki bat duelako.

Komuna doakoa izango da, aurretik jarritako beste biak bezala, eta egunero 7:00etatik 23:00etara egongo da zabalik.

80.000 euroko inbertsioa eta mantentze plan zehatza

Instalazioa, obra zibila eta hornidura elektrikoa barne hartzen dituen proiektua

Instalazioaren kostu osoa 80.000 euro ingurukoa izango da:

  • Komunaren hornidura: 56.760 €
  • Ura eta saneamendua jartzeko obrak: 16.000 €
  • Instalazio elektrikoak: 3.910 €
  • Azken egokitzapen lanak

Hornidura Lorke enpresak egin du; ura eta saneamendua Aquarbe enpresak, eta instalazio elektrikoak Ezpeleta herriko enpresak.

Urretxuko komun publikoak astelehenetik larunbatera garbitzen dira, eta hiru hilabetero mantentze-errebisioak egiten dira.

Sistema guztiz automatikoa

Komuna guztiz automatikoa izango da, ireki-ixteko sistema eta erabilera bakoitzaren ondorengo garbiketa automatikoa barne.

Matxuraren bat gertatuz gero, herritarrek Udaletxera edo Udaltzaingoari jakinarazi ahal izango diote.

Select your language

Urretxuko udala