Udala
Urretxuk Aterpe Gizarte Zentro berria aurkeztu du, adinekoen ongizatea eta parte-hartzea indartuz
Urretxuk gaur aurkeztu du Aterpe Gizarte Zentro berria. Azken bi hilabeteetan martxan egon den espazioa da, eta Aterperen Urteko Batzarra baliatuta, modu ofizialean eman zaio ezagutzera herriari.
Ekitaldian Jon Luqui, Urretxuko alkateak; Igor Zubillaga, Obretako zinegotziak; Almudena Carrillo, Udaleko Gizarte Ongizate Saileko buruak parte hartu dute; eta Marisa Román, Udalaren aldetik jardueren antolakuntzaz arduratzen denak. Bertan izan da, halaber, Santiago Puertas, Zuzendaritza Batzordeko lehendakaria izan dena urte askoan eta orain kargua uzten duena. Alkateak publikoki eskertu nahi izan dio bere dedikazioa eta konpromisoa, 20 urte baino gehiagoan zehar Urretxuko adinekoentzat makina bat jarduera sustatu eta antolatzeagatik. Ekitaldian, gainera, zentroko hainbat erabiltzailek hartu dute hitza, beren esperientzia eta balorazioa partekatuz.
Aterpe ez da proiektu berria, baizik eta 1978an sortutako ibilbide baten jarraipena da. Urte hartan sortu zen Jubilatuentzako Aterpe Elkartea, eta ordutik hona, adinekoen ongizatea eta bizitza soziala sustatzeko topagune izan da, jarduera ludiko, kultural, jai eta gastronomikoen bidez.
Lokala lekuz aldatu eta egokitzearekin batera, Aterpek beste pauso bat eman du, gaur egungo beharretara moldatzeko, bere izaera irekia, hurbila eta komunitarioa galdu gabe. Esku-hartze hau Udalak, EAJren gidaritzapean, 2023–2027 aldirako definitutako estrategiaren barruan kokatzen da, pertsonen ongizatea, kohesio soziala eta zaintzen indartzea ardatz dituen herri-eredu baten baitan.
Espazioa egokitzeko, 36.115,82 euroko inbertsioa egin da, funtzionaltasuna, irisgarritasuna eta erosotasuna hobetzeko helburuz.
Aurkezpenean, azken hilabeteotan zentroak izan duen erabileraren berri eman da, baita egindako hobekuntzena ere. Halaber, astean zehar garatzen den jarduera-programa azaldu da.
Goizez, honako jarduerak antolatzen dira: digitalizazio tailerra, yoga, gorputz ariketa, memoria tailerra eta ongizate tailerra. Arratsaldez, berriz, aisialdiko jarduerak eskaintzen dira, hala nola karta-jokoak, bingoa eta bestelako topaketa sozialak.
Gaur egun, 158 lagunek parte hartzen dute modu erregularrean zentroan antolatutako jardueretan, Udalaren eta erabiltzaileen arteko lankidetzari esker.
Erabiltzaileek azpimarratu dutenez, gogobetetze-maila handia da: Aterpen ikasi egiten dute, harremanak sendotzen dituzte eta, ondorioz, bizi-kalitatea hobetzen dute, gaitasun kognitiboak, motorrak eta sozialak lantzen dituztelako.
Gainera, Aterpe Urretxuko zaintza-ekosistemaren parte da, eta komunitatean oinarritutako arreta-eredua indartzen laguntzen du; pertsonen arteko harremanak sustatu, bakardade ez-hautatua prebenitu eta ongizate integrala bultzatzen du.
Azken batean, Aterpe erreferentziazko gune izaten jarraitzen du Urretxun: espazio bizia, hurbila eta parte-hartzailea, non pertsonek elkar topatu, partekatu eta komunitatearen parte senti daitezkeen.

