Select your language

Udala

Eli Arteaga, Eguneko zentroko koordinatzaileari elkarrizketa

Eguneko zentroa asko aldatu da azken urteotan, bai espazioen aldetik, bai zaintza-ereduari dagokionez. Nola bizi izan dute aldaketa hori erabiltzaileek eta profesionalek?

«Laguntza-eredu asistentzialago batetik pertsona ardatz duen arreta-eredura egin dugu jauzi, erabiltzaile bakoitzaren bizi-ibilbidea, nahiak eta beharrak kontuan hartuta».

 

Bai, hala da. Azken urteotan aldaketa handia izan du eguneko zentroak, bai zaintza ulertzeko eta eskaintzeko moduan, bai espazioetan. Bilakaera sakona izan da, erabiltzaile bakoitzari arreta pertsonalizatuagoa, hurbilagoa eta bere beharretara egokituagoa eskaintzeko.

Aldaketa nagusietako bat pertsona ardatz duen arreta-eredua sendotzea izan da. Eredu horretan, erabiltzaile bakoitzaren zaintza-beharrak ez ezik, haren gustuak, nahiak, bizi-ibilbidea eta eguneroko ohiturak ere hartzen dira kontuan. Azken batean, pertsona bakoitza ondo ezagutzea da helburua, behar duen laguntza ahalik eta modu egokienean eskaintzeko.

Horretarako, bizitza-historiak eta erreferentziazko profesionalaren figura erabiltzen ditugu, besteak beste. Tresna horiek arreta gizatiarragoa eta pertsona bakoitzari hobeto egokitua eskaintzen laguntzen digute.

Lan egiteko modua ere aldatu egin da. Erabiltzaileak talde txikiagoetan antolatzen dira, eta talde bakoitzak berariaz esleitutako profesionalak ditu. Antolaketa horrek gertukoago egotea, pertsona bakoitzaren jarraipen hobea egitea eta norberaren helburuak modu egokiagoan lantzea ahalbidetzen du.

Digitalizazioak ere izan du eragina zentroaren modernizazioan. Tresna teknologiko berriak txertatu ditugu, bai barne-kudeaketan, bai estimulazio kognitiboko jardueretan. Horrela, teknologia berriak erabiltzaileen eta profesionalen eguneroko jardunera ere hurbildu ditugu.

Etengabeko hobekuntzaren eta kalitatearen alde egindako lana ere azpimarratzekoa da. Horren erakusgarri dira euskararen presentzia eta erabilera aitortzen dituen Bikain ziurtagiria eta kalitatearen kudeaketari dagokion ISO 9001 ziurtagiria.

Baina aldaketa ez da zentro barruan bakarrik gertatu. Azken urteotan, eguneko zentroak harreman estuagoa sortu du Urretxuko ingurunearekin eta tokiko zaintza-sareko gainerako eragileekin. Osasun-zerbitzuekin, farmaziekin, gizarte-erakundeekin eta herriko beste hainbat baliabiderekin elkarlanean aritzen gara.

Elkarlan horren barruan kokatzen da, esaterako, Urretxun Zaintzen egitasmoan dugun parte-hartzea. Adinberri-Hariak programaren baitan sortutako ekimen berritzailea da, eta nahi gabeko bakardadeari aurre egitea du helburu.

Espazioak ere pixkanaka eraldatzen joan dira, atseginagoak, erabilgarriagoak eta etxe-girokoagoak izan daitezen, zentro instituzional baten itxura zurrunetik aldenduz. Bilakaera horrek laster izango du jarraipena, eraikinaren beheko solairua egokitzeko lanekin. Jarduketa horri esker, plaza kopurua 36tik 60ra handituko da, eta sortzen ari diren behar berriei erantzuteko aukera izango dugu.

Select your language

Urretxuko udala