Select your language

Udala

Aniztasun Jaian parte-hartzea erdigunean Urretxun

Aniztasun Jaian parte-hartzea erdigunean Urretxun

Gaur arratsaldean, maiatzak 28, aurkeztu da ofizialki Urretxuko Aniztasun Jaiaren egitaraua. Aurkezpen publikoaren aurretik, antolakuntza bilera bat egin da jaian parte hartuko duten herritar, elkarte eta eragileekin, azken xehetasunak partekatzeko eta koordinazioa indartzeko helburuarekin.

Urretxuko Udalak maiatzaren 30ean, larunbatean, ospatuko du Aniztasun Jaia, Gernikako Arbola plazan, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 16:00etara. Egun osoan zehar, munduko gastronomia-postuak, tailerrak, jolasak, musika eta kultur emanaldiak izango dira protagonista.

Aurtengo edizioak parte-hartze komunitarioari eman nahi izan dio bereziki garrantzia. Izan ere, azken urteetako esperientziak ikusita, Aniztasun eta Bizikidetza Zerbitzuak jaiaren antolaketa talde eta elkarteetatik harago zabaltzeko pausoa eman du, herritar guztiei parte hartzeko aukera eskainiz.

Urretxuko alkate Jon Luquik nabarmendu duenez, “Aniztasun Jaia ez da soilik jai-egun bat; Urretxuk eraiki nahi duen herri ereduaren isla ere bada: irekia, errespetuzkoa eta elkarbizitza oinarri duena”. Era berean, azpimarratu du herritarren inplikazioa dela ekimenaren indargune nagusietako bat: “Garrantzitsuena ez da bakoitza nondik datorren, baizik eta elkarrekin herria egiten dugula sentitzea”.

Parte-hartzea modu askotara gauzatu ahal izango da: logistikan lagunduz, antolakuntza saioetan zainketak partekatuz, ezagutzak edo trebetasunak eskainiz edota jaiaren prestaketan eta garapenean bakoitzak bere ekarpena eginez. Helburua argia da: herritar oro aniztasunaren ospakizun kolektibo baten parte sentitzea.

Urretxuko Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu larunbatean Gernikako Arbola plazara gerturatzera eta Aniztasun Jaiaz gozatzera. Jon Luquik adierazi duenez, “jai honek aukera paregabea eskaintzen du elkar ezagutzeko, kultura desberdinak partekatzeko eta Urretxuren aniztasuna giro alaian ospatzeko”.

Era berean, alkateak azpimarratu du jaiak adin guztietarako proposamenak izango dituela eta helburua dela “herritar guztiek euren burua jai honen parte sentitzea, elkarbizitza eta errespetua oinarri hartuta”.

Select your language

Urretxuko udala