Udala

Monbar irailak 25. Adierazpen instituzionala
Urretxuko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak, 2025/09/24an, aho batez adostu eta onartutakoa.
Joxe Maria Etxaniz Maiztegi, Potros, herri honetako bizilaguna GALek su armaz erail zuen Baionako Monbar hoteleko tabernan 1985eko irailaren 25ean.
1975ean errefuxiatu zen Lapurdira. Frantziako Poliziak 1984ko abenduan atxilotu zuen Mendiondon. Epaiketan leporatu zioten baimenik gabe armak edukitzea, eta espetxean sartu zuten hilabete batzuetarako. 1985eko maiatzaren 2an aske utzi zuten, baina Paueko auzitegiak sententziaren kontrako errekurtsoa jarri zuen, eta epaitegira joan beharra zuen abenduaren 25ean. Ezin izan zuen sententzia aditu, ordea. 1985eko irailaren 24an, haren lagun Agustin Irazustabarrenari, errefuxiatu politikoaren agiria eman zioten. Hori ospatzeko, beste zenbait errefuxiaturekin joan zen Asteasuinzarra Monbar hoteleko tabernara.
Euren atzetik GALeko mertzenarioak sartu ziren, eta errefuxiatuei tiroka hasi ziren. Etxanizekin batera, Agustin Irazustabarrena, eta Inaxio Asteasuinzarra hil zituzten eraso horretan; Xabin Etxaide geroago hil zen, zaurien ondorioz, erietxean. Bi egun geroago, protestaldi luzea eta greba orokorra antolatu ziren Gipuzkoan. Hernaniko Udalean, berriz, ezohiko udalbatzan, alderdi guztietako ordezkariek gaitzetsi zuten GALen atentatua.
Atentatuaren ostean, Pierre Frugoli eta Lucien Mattei Marseillako mertzenarioak atxilotu zituen Frantziako Poliziak. Paueko tribunalak bizi guztiko espetxe zigorra ezarri zien biei, eta fiskaltzak Matteiren kondena 18 urte baino gehiagokoa ez izatea aholkatu zuen. Frugolirena, berriz, 20 urtera murriztu zuten 1989an. Ez zen inoiz ikertu tiroketan parte hartu zuten gainerako kideak nor izan ziren.
Bi akusatuek aitortu zuten Espainiako zerbitzu sekretuek errekrutatu zituztela, eta Francis eta Miguel izenak aipatu. Francis izena zeramana Bilboko komisariorde Jose Amedo zela aitortu zuten. Miguel izenari zegokionez, berriz, fiskaltzak usten zuen Michel Dominguez zela, jatorri frantziarreko Espainiako polizia bat, Amedorekin lanean aritutakoa.
Espainiako prozesu judizialaren kasuan, 1991ko martxoan, Monbar hoteleko atentatuarekin lotura zuen Amedoren eta Dominguezen aurkako auzia bertan behera geratu zen froga faltagatik. 1994ko azaroan, Baltasar Garzon epaileak berriz jarri zuen abian auzia, eta Julian Sancristobal Bizkaiko gobernadore zibil eta Espainiako segurtasun idazkari izandakoa, Juan Alberto Perote zerbitzu sekretuetako zuzendari ohia eta Francisco Alvarez brigada antiterroristako buru izandakoa inputatu zituzten. Horiek guztiek euren aurkako akusazioak ukatu zituzten. 2001eko urrian, berriz itxi zuten auzia, eta behar adina froga ez zegoela argudiatuta.
Joxe Maria Etxaniz Maiztegi Potros-en hilketak bizitzeko eskubidea urratzen du, giza eskubideen nazioarteko zuzenbideak jartzen duen moduan.
Urretxuko Udaleko ordezkari politikook aspalditik zor bat bagenion herri honi: egia ezagutu eta memoria nahiz giza eskubideak defendatzea, iraganari zintzotasunez aurre egiteko eta etorkizuneko elkarbizitzaren oinarriak finkatzeko. Orain dela zortzi urte, Urretxuko Bizikidetza Mahaia osatu genuenetik, hainbat elkarrizketa eta hausnarketa partekatu ditugu eta lehenbiziko aldiz, Udaleko lau pareta hauen artean, bidegabeki sufritu duten testigantzak aurrez aurre entzuteko aukera izan dugu: ETAko presoak, mehatxatutako politikariak, hildako ertzainen eta presoen senideak...
Gure herriko bizikidetza berregiteko ezinbesteko saio zuhurrak izan dira. Eta hunkigarriak izan dira oso.
Udal korporazio honetan gauden kide guztiok, alderdi politiko desberdinen izenean eta, batez ere, urretxuarron izaera, ideologia eta identitate desberdinak ordezkatzen ditugun heinean, ohartu gara, batez ere, gauza batek elkartzen gaituela: oinarrizko adostasunetara iritsi nahi dugula bake prozesuaren erronka nagusiei heltzeko eta bizikidetzaren egoerak estutzen dituen korapiloak askatzen joateko.
Ordezkari politiko garen heinean, bidegabeki pairatu duten pertsona guztien sufrimendua aitortzeko, eta iraganarekiko begirada kritikoarekin egin behar dugu, gainera. Autokritika egitea guztioi dagokigu, baita gizarte zibilari ere, ekidistantziarik gabe, anbiguotasunik gabe.
Borondate politikoa eta elkarrizketarako prestutasuna oinarri ezin hobea direla bizikidetza lanetan urrats sendoagoak emateko aitortzen dugu.
Hemen ez dago garaile eta galtzailerik, guztion eta bakoitzaren sufrimendua aitortzen dugu. Onartzen dugu, era berean, egon garen lekuaren eta bizitako egoeraren arabera, arreta gehiago jarri diogula sufrimendu batzuei beste batzuei baino, eta badakigu, edonola ere, arreta hori ez dela inoiz nahikoa izan. Orain, zubi-lana egiten jarraitzea dagokigu eta berradiskidetzearen eta bizikidetzaren bideari ekitea. Sufrimendu guztiak aintzat hartuz, eta horretarako, denok egin behar dugu gure iragan hurbilaren irakurketa kritikoa, baita urretxuarrok ere.
Estatu indarkeriaren ondoriozko giza eskubideen urraketen biktimei buruz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendariak 2008ko ekainaren 24an argitaratutako Txostenean, atentatuetan hildakoen zerrendan jaso zuen Etxanizen kasua.
Urretxuko Udalak modu pribatuan helarazi zion Joxe Maria Etxaniz Maiztegiren "Potros" familiari 2019ko urtarrilean egindako aitorpena.
Gaur, Joxe Maria Etxaniz Maiztegi Potros-en erailketaren 40. urteurrenean, aitortzazko adierazpen instituzional indibidualizatu hau egingo dugu. Aipamen berezia egiten diogu bere familiari eta jasan duen sufrimendu gehigarriari. Familiarengana hurbildu nahi dugu erantzukizunez, egiaz eta enpatiaz.
Adierazpen instituzionala.pdf Berria Popular 100.1 KB 7 | 25/09/2025 20:17:25 |