Kultura-Gazteria

"Zaharberrituz biziberritu" Harizpi elkartearen erakusketa berria
Featured

"Zaharberrituz biziberritu" Harizpi elkartearen erakusketa berria

Harizpi elkarteak antolatutako eta Edurne Uribesalgo irakasleak zuzendutako altzarien zaharberritze ikastaroan zaharberritutako piezak erakutsiko ditu aurtengo erakusketa-egutegia inauguratzen duen erakusketak. Martxoaren 6an inauguratuko da eta 22ra arte bisitatu ahal izango da.

Harizpi Elkartea herriko elkarteen barruan beteranoetako bat da, 1983an sortu zen eta ordutik ez dio bere lanari utzi: eskulan eta arte lanen zaletasuna ilusioz landu eta arlo hau zabaldu du, mota guztietako kultur ekimenetan laguntzeaz gain. Asko izan dira antolatu eta herritarren eskura jarri dituzten ikastaro eta erakusketak: makramea, jostundegia, patchwork-a, egurrezko dekorazioa, altzarien zaharberritzea…

Ikusgai izango ditugun lanak Edurne Uribesalgo irakaslearekin altzariak zaharberritzeko egin duten azken ikastaroko ikasleek egindakoak dira. Bukatu berriak. Horrela aurkezten digute beren lana:

“Familia-atxikimendua duen altzari bat zaharberritzeak, edo pieza txiki bat birziklatzeak, zure etxeko dekorazioari ukitu berezi bat emateaz eta berreskuratutako pieza horri bigarren bizitza bat emateaz gain, ingurumenaren aldeko keinu bat egiteko aukera ere ematen digu. Baina are garrantzitsuagoa da sortzen dizun gogobetetasun pertsonala. Erakusketa honetan, orduak, lana eta maitasuna eman dituzten piezak ikusiko dira. HARIZPI elkarteak antolatutako ikastaroei esker, zaharberritze eta dekorazio arteen munduaz ikasi eta gozatzeko aukera dugu”.

Erakusketaren katalogoa 

HARIZPI KATALOGOA ZAHARBERRITZEA.pdf
Popular 2.37 MB 11
24/02/2026 13:55:52

Urretxuko udala