Kultura-Gazteria
Santa Anastasia jaien hasiera indartsua izango da berrikuntzetako bat
Azken urteetan eta hiletan eragileengandik eta herritarrengandik jasotako ekarpenei erantzunda, hainbat berrikuntza izango dira irailaren 18an hasiko diren festetan
Jaiei hasiera indartsuago bat ematea izan da azken urte eta hiletan herritarrengandik eta eragileengandik jasotako ekarpenetako bat. Horri eta beste hainbat ekarpenei erantzun nahi izan die Urretxuko Udalak, aurten ere herriko eragileekin batera ondu duen egitarauan. Egitarau osoa eta ohiko ekintzen berri datozen egunetan zabalduko badu ere, berrikuntzak aurreratu nahi izan ditu, gogoa pizten joateko.
Berrikuntzak lantzerako, orduan, jasotako eskaerez gainera, jaietatik plazer esperientziak euskaratik eta euskaraz izatea, Euskal Herriko hainbat lurraldetako eskaintza antolatzea eta genero berdintasuna hartu ditu aintzat Sustapen Soziokulturalerako sailak.
Irailaren 18an, suziriak lehertzearekin batera, beraz, Sakatu elektrotxaranga abiatuko da Iparragirre Plazatik Urretxuko kaleak animatzera. Gauean, 22:00etatik aurrera, berriz, PsychoClown su eta perkusio ikuskizuna izango da kalean animatuko dituena, eta 23:00 pasatxoan, kontzertuak izango dira Gernikako Arbola plazan: 480280 eta Xiberoots taldeen kontzertuak izango dira. Ondoren, txosnetan, XSakararen kontzertua hasiko da.
Haurrei eta nerabeei bideratutako eskaintza
Haurrei eta nerabeei bideratutako eskaintza indartzea izan da jasotako beste eskaeretako bat, eta, jaietan zehar ez ezik, jaien hasieran protagonismo berezia izango dute haurrek zein nerabeek: iazko haurrei ongi etorria egingo baitzaie udaletxeko portaloian jaiak hasi aurretxoan (17:00) eta hamabi urtez gorakoentzako parkea izango baita Belaustegi plazan (16:00). Belaustegi plaza izango da haurrentzat edota nerabeentzat erreferentziazko gunea. Izan ere, larunbat arratsaldean egurrezko jolasak izango dira, astelehen goizean eta arratsaldean parke handia izango dute, eta astelehen arratsaldean, baita Potx magoaren ekitaldia ere. Larunbata goizean Elizalden poniak eta bestelako ohiko jolasak izango dituzte.
Euskal Jaiko gauean, Süneren kontzertua
Euskal Jaian erromeria doinuak izango dira nagusi, baina erromeriaz haragoko proposamenen bat izan zen jasotako beste eskaeretako bat. Hori dela-eta, Süneren kontzertua izango da kandela piztearen ondoren. Aurrez, arratsaldean, eta, ondoren, gauean, dena den, ez da erromeriarik faltako: Gernikako Arbolan, Gauargi izango baita arratsaldean; eta, Bide Batez, txosnetan, gauean.
Asteleheneko bazkarian, eten bat
Gazteen, bertan lan egin izan dutenen eta gurasoen ikuspegia jasota, ez da asteleheneko bazkaria segurtasun fisiko zein emozionalez egiteko bermerik, azken urteetan sortu den jokabide desegokien inertziagatik. Hori dela-eta, aurten eten bat egingo da, eta asteleheneko bazkaririk izango. Gainera, datozen urteetara begira, ekarpena jaso da kuadrillen egun propio bat antolatzekoa beste asteburu batean. Urrian abiatuko den parte hartze prozesuan aztertuko den gaietako bat izango da hau ere.
Zezentxoak eta bigantxak astelehenean, formatu berrian
Zezentxoen bi ekitaldiak astelehenean izango dira Elizalden. Goizean, 16 urtez azpikoentzako zezentxoak (12:00) izango dira, eta, arratsaldean (18:00), 16 urtez gorakoentzako bigantxak. Arratsaldeko saioan, gainera, herri kirolek eta bigantxek bat egingo dute, herri kirol elkarteak eta bigantxen sustatzaileek bat eginda.
Nagusiei bideratuta, rantxerak astelehen eguerdian
Badira nagusiek parte hartzen duten ohiko ekintzak, baina eskaintzaren artean ez da jasotako beren-beregi eurei bideratutako ekintzarik. Bide hori urratzen hasita, Me Vale Madre rantxerak izango dira astelehen eguerdian (12:30), Gernikako Arbola plazan.
Urteroko ziten artean, larunbateko kontzertua Kaotikoren eskutik
Musikak presentzia jai guztietan zehar badu ere, larunbat gaua izan da orain arte musikazaleentzat hitzordu garrantzitsua Santa Anastasietan. Aurten Kaotikoren kontzertua izango da. Arabako taldeak Euskal Herrian eskainiko duen kontzertu bakanetakoa eskainiko du larunbat gauean, 23:00etan, Gernikako Arbola plazan. Gainerako urteroko hainbat hitzorduk ere ez dute hutsik egingo, erraldoiek, txistulariek, gastronomia lehiaketak, folklore jaialdiak… Horien guztien berri aurki jasoko dute etxeetan urretxuarrek.

