Kultura-Gazteria

37. Urrelur Mineralogia eta Paleontologia astea
Aurtengo Urrelur astea urriaren 27tik azaroaren 2ra luzatuko da, baina lehenengo ekintza urriaren 25ean izango da irteera mineralogiko paleontologikoarekin.
Urrelur Museoak kultur astearen 37. edizioa ospatuko du berriro ere natur zientzien mundua publikoari modu atsegin eta erakargarrian hurbildu asmoz.
Museoa 1987an sortu zen gai honen inguruko ezagutza zabaltzeko helburuarekin. Gauza askoren berri ematen digute mineral eta fosilek; Lurra osatzen duten materiaz, elementu kimikoez eta munduaren bilakaeraz mintzatzen zaizkigu, besteak beste. Lurraren altxorrak dira. Naturak batzuetan ezkutatzen diguna eta beste batzuetan modu ikusgarrian erakusten diguna. Mineralak, fosilak, harriak, ezinezko forma geologikoak...
Urrelur Astearen 37. edizioaren egitaraua aurkezten dizuegu,
Urrelur Museoak aurten Pozalaguako kobazulo ikusgarria bisitatzera gonbidatzen gaitu, dinosauroak hobeto ezagutzera, mineralen propietateak ezagutzera... eta askoz gehiago.
Asteak kolaboratzaile eta jarraitzaile anitz ditu baina bereziki aipatu nahi dugu herriko bi elkarteen laguntza eta kolaborazioa:
- Argazkia elkartea, aurten ere Argazki lehiaketa antolatu duena (8. Edizioa) mineral eta fosilen gaiarekin. Oinarriak webean aurkituko dituzue eta baita Urrelur asteko informazio guneetan ere.
- Butak 21 Zine klub taldea. Beraien eskutik "Des-Extinción" dokumental zientifikoa ikusi ahal izango dugu eta luxuzko gonbidatua izango dugu gurekin: Eudald Carbonell, paleoantropologo eta geologo ezaguna eta Atapuercako zuzendariordea. Alfonso Par zuzendaria ere gurekin izango da.
Urretxu aditu, zaletu eta jakinminaz beteriko publikoaren topagunea izango da egun hauetan. Gonbidatuta zaudete zuek ere ekimen honen parte izatera.
Deskargatu Aldizkaria-Egitaraua hemen
Egitaraua Urrelur 37. Mineralogia eta Paleontologia astea Urretxun Berria Popular 1.37 MB 8 | 16/10/2025 15:42:34 |