Select your language

Jasangarritasuna

«Guardasola Garaia» kanpaina Urretxura iritsi da klima aldaketara egokitzeari buruz sentsibilizatzeko
Featured

«Guardasola Garaia» kanpaina Urretxura iritsi da klima aldaketara egokitzeari buruz sentsibilizatzeko

Urretxuko Udalak eskualdeko ekimen honetan parte hartzen du herritarrei etorkizuneko aterpe klimatikoen sarea hurbiltzeko eta bero-boladen aurkako prebentzioa sustatzeko


Urretxuko Udalak bat egiten du «Guardasola Garaia: Beroari itzala, herritarrei babesa» kanpainarekin, hau da, UGGASA eta Urola Garaiko gainerako udalerriekin batera bultzatutako ekimenarekin. Ekimen honen bitartez herritarrak klima-aldaketaren eraginen inguruan sentsibilizatu nahi dira eta etorkizuneko klima-babeslekuen sarea ezagutarazi nahi da.

Kanpaina honen barruan, Urretxuko gune bat 2030 Agendaren koloreekin eta Urola Garaiko aterpe klimatikoen identifikazio irudiaz osatutako aterkiekin estaliko da. Instalazio bisual eta sinbolikoa da, eta mezu argia helarazi nahi du: beroaren aurrean babestea erantzukizun partekatua da, eta erakundeak lanean ari dira herritarrentzako espazio gero eta seguruagoak, freskoagoak eta egokiagoak eskaintzeko.

Urola Garaian klima aldaketara egokitzeko egiten ari diren lanaren parte da kanpaina. Prozesu horretan, UGGASAk, eskualdeko udalek, ikastetxeek, merkatarien elkarteek eta tokiko beste eragile batzuek parte hartzen dute, udalerriek muturreko beroaldien aurrean duten prestakuntza hobetzeko eta herritarren babesa indartzeko.

Urretxuko Udalak gogorarazi du oso garrantzitsua dela autobabeserako neurriak hartzea tenperatura handiko egunetan: egunaren erdiko orduetan eguzkitan ez egotea, ondo hidratatuta egotea eta arreta berezia eskaintzea pertsona ahulenei, bereziki adinekoei.

Aldi berean, etorkizuneko babesleku klimatikoen sarea zehazteko lanean jarraitzen da. Sare hori bero handiko aldietan baldintza erosoagoak eskaintzeko gai diren barruko nahiz kanpoko espazioek osatuko dute, eta, horrela, herritarren osasuna eta ongizatea babesten lagunduko da.

Kanpainak azken bi ikasturteetan Eskolako 2030 Agendaren esparruan egindako lana ere jasotzen du. Urola Garaiko ikastetxeetako ikasleek klima aldaketaren, osasunaren eta ongizatearen arteko erlazioa aztertu dute, eta ondorioztatu dute beharrezkoa dela herritarrek babesleku klimatikoei buruz duten informazioa eta sentsibilizazioa indartzea. Klima Tour eta orain Guardasola Garaia bezalako ekimenek helburu horri erantzuten diote.

Urretxun, guardasolen instalazioa ekainaren 30etik aurrera ikusi ahal izango da, baina gune zehatza ez da aldez aurretik iragarriko kanpainaren sorpresa efektua mantentzeko.

Datozen hilabeteetan, babesleku klimatikoen tokiko sarea osatuko duten udalerriko espazioei buruzko informazioa emango da ezagutzera. Bitartean, «Guardasola Garaia» kanpainak mezu argia zabaldu nahi du: klima-aldaketara egokitzea gaur hasten da eta, beroaren aurrean, itzal, babes eta zaintza komunitario gehiago behar ditugu.

Kontsultatu hemen Urola Garaiko kanpoko babesleku klimatikoen zerrenda.


Select your language

Urretxuko udala