Euskaraz egiten dutenei aitortza egiteko eta egiten ez dutenak, ahal duten neurrian, euskara erakartzeko Erdiratu! ikus-entzunezko kanpaina abiatu du Urola Garaiko Mankomunitateak.
Jon Luqui Urola Garaiko Mankomunitateko lehendakariak taldeek euskararen erabilera sustatzeko egiten duten ekarpena eskertu du, Urretxuko udaletxeko atarian egindako prentsaurrekoan
Urola Garaiko 16 urtez azpiko kirol taldeetan entrenamenduak zein hizkuntzatan egiten diren jakiteko 2022-2023 denboraldiko diagnostikoa egin du Urola Garaiko Mankomunitateak. Emun Kooperatiba Elkartea arduratu da ikerketaz, eta Joseba Beltza koordinatzaileak azaldu duenez, 23 kirol elkartek eta 22 udal kirol zerbitzuk hartu dute parte diagnostikoan. Ondorioz, 16 urte bitarteko 80 talde dira euskaraz entrenamenduak sistematikoki jasotzen dituztenak, eta 18 dira maila guztietan euskarazko entrenamendua eskaintzen dituztenak. 2022-23 denboraldiko 80 taldeak katalogo batean bilduak izan dira.
Bost talde dira horretara iristen ez direnak: Andraitz, Ilintxa, Goierri Saskibaloia, Urola Eskubaloia eta Urola Futbola. Talde horiek dira handienak —entrenatzaileak aurkitzeko zailtasun handienak dituztenak ere bai, beraz— eta mutilak dira horietan nagusi, oro har.
Jon Luqui Urola Garaiko Mankomunitateko lehendakariak talde guztiek euskararen sustapenean duten garrantzia eta egiten duten ekarpena azpimarratu du. Gaineratu du Mankomunitateetako udalek kirolean euskararen erabileran eragiten jarraitzeko baliabideak eta laguntza eskaintzen jarraituko dutela.
ERDIRATU! IKUS-ENTZUNEZKO KANPAINA
Horiek horrela, bereziki bost talde horietan eragin nahirik, sareetan komunikazio kanpaina egingo du Urola Garaiko Mankomunitateak. Aitor Lizarazu Zumarragako Hizkuntza Normalkuntzarako teknikariak, udaletako euskara teknikarien izenean aipatu duenez, azaldu du Erdiratu! kanpainaren bitartez bi helburu dituela Mankomunitateak gaur abiatu duen kanpainak: alde batetik, entrenamenduak euskaraz egiten dituzten gaztetxoak erdira ekarri nahi ditu, gainerakoak erakarri ditzaten; eta bestetik, entrenamenduak euskaraz egiten ez dituzten taldeak euskara erdira ekartzera bultzatu nahi ditu. Euskara eta Kirola 2022-2023 ikerketaren emaitzetan oinarrituta, euskara joko-eremura erdiratu nahi dute udalek erdian dutenak aitortu eta ikusarazita eta erdian ez dutenak besteekin bat egitera gonbidatuta. Kanpaina gaur abiatuta, maiatzaren azkenean bukatuko da.
Informazio gehiago hemen:
2023-02-17 UROLA_GARAIA_EUSKARA_KIROLEAN_2022-23_IKERKETA.pdf
Popular 2.39 MB 584 |
24/03/2023 12:31:25 |
EUSKARAZ ENTRENATZEN DUTENEN KATALOGOA.pdf
Popular 2.34 MB 577 |
24/03/2023 12:31:26 |