Azaroaren 24an aurkeztu zen Urretxu-Zumarragan Eguzki Art Zinema ekoiztetxearen OMBUAREN ITZALA proiektua, Pedro Mari Otañoren figuraren ingurukoa. Aurkezpen honetan, Patxi Bisquert aktore ezagunak eta ekimenaren sustatzaile nagusiak, proiektu honen berri eman zuen; Pello Mari Otaño (Zizurkil, 1857 - Rosario, Argentina, 1910) bertsolariaren inguruko filma egiteko proiektu partehartzailea, auzolanean oinarritua.
Filma Otañoren bizitzako azken bi hamarkadetan egongo da oinarritua, 1890etik 1910era alegia. Hauek urte garrantzitsuak izan ziren Otañorentzat, baita euskal gizartearentzat ere: ekonomikoki lur jota zegoen herria, gazteak erbesterako bidean, Amerikak egitera joaten ziren… politikoki ere egoera oso nahasia eta interesgarria zen… Bisquerten hitzetan “urte zoragarriak dira filmatzeko”. Otañoren biografia bere garaiko aldaketa, pasarte eta mugimendu nagusiak islatzeko gai den biografia horietakoa da, gizonaren bizitza aztertuz bere garaiko historia azaltzen duen horietakoa, alegia: baserri batean jaioa, foruen abolizioaren ondorioak bizi behar izan zituena, herritik kanpora migratutakoa, garaiko gazte askoren antzera, industriaguneetako ideia sozialistak ere entzuten hasten da lehenengoz, abertzaletasuna ere gorpuzten ikusiko du…
Proiektu honen helburua da jendearentzat hain ezezaguna den, eta ahanzturan erortzeko arriskuan dagoen hori guztia fikziozko film batean bildu eta belaunaldi berriei helaraztea.
Horretarako auzolanera eta herrigintzara jo dute Zinema Art ekoiztetxekoak. Hala, hamar euroko ekarpena egiteko aukera izango da ekimena bultzatu ahal izateko, eta trukean filma ikusteko sarrera bat eskuratuko dute herritarrek, helburua
300.000 euro lortzea izango da.
SARRERAK SALGAI: 10 €- AIZPURUNEA KULTUR ETXEA (URRETXU)
- ZELAI ARIZTI KULTUR ETXEA (ZUMARRAGA)