Senidetasuna

Urretxuko ordezkaritza batek Schwzarzenbruck bisitatu zuen eta herrien Europako Jaian hartu zuen parte

1996ko irailean Urretxuko ordezkaritza txiki batek Schwzarzenbruck bisitatu zuen eta herrien Europako Jaian hartu zuen parte.

Gure kultura eta folklorea hantxe izan ziren Schwarzenbruck-ekin senidetuta dauden beste herri batzuen kulturekin batera.

Mila lagun inguru aho zabalik geratu ziren gure trikitixa eta txalaparta entzutean; gure ikurriña haizean erabili zuten dantzariek; gure sagardoa, txistorra eta gazta dastatu zituzten… eta gure alkatearen hitzak entzun zituzten.

Tiroleko Hegoaldeko ordezkari Frank Pahl jaunak Euskal Herriari eskaini zizkion hitzak ere unkigarriak izan ziren:

"Agur berezi bat egin nahi nieke Urretxutik etorri diren euskaldunei. Tiroleko Hegoaldeko alemaniarrak Euskal Herriarekin oso lotuta sentitu izan gara beti; ados egon izan gara beti euskaldunek beraien nortasun kulturala eta hizkuntza gordetzeko egin duten ahaleginarekin".

Urretxuko ordezkaritza irailaren 13an abiatu zen Schwarzenbruck aldera, eta Euskal Herriko kulturaren ordezkari izan nahi izan zuen Europako herrien bilkura hartan; bere egin nahi izan zuten Joxe Mari Iparragirre urretxuarraren mezu unibertsala:

"Eman da zabalzazu, munduan frutua".

1997an Gazteria topaketak burutzen dira Schwarzenbrucken...

 

Urretxu ordezkatuz, 14 gazte urretxuar joango dira bidaian Alemaniara, eta diru-laguntza eskatu nahi dugu bidaia horrek berekin dakartzan gastuei aurre egiteko.

Schwarzenbruck herria Urretxurekin senidetuta dago. Bi herriok senide izan garen urteotan abaguneak izan ditugu Urretxuko eta Schwarzenbruckeko hiritarren artean elkarbizitzeko eta trukean aritzeko, kultur trukean batik bat.

Alemaniako Schwarzenbruck herria, gainera, Europako beste herri batzuekin senidetuta dago. Hala, gazteen topaketa aldeaniztunak antolatzeko aukera ematen digu horrek, aldi honetan senidetuta gauden herri desberdinetako gazteenak: Kecel (Hungaria), Geyer (Alemania), Gufidaun (Hego Tirol), Schwarzenbruck (Alemania) eta Urretxu.

16 eta 18 urte bitarteko gazteek parte hartzen dute topaketetan, eta aldi honetan, tokiko saskibaloian dihardutenak dira bidaiaren onuradunak , aipatutako egunetan, monitore-interprete batek lagunduta, hainbat ekitalditan –kirol ekitaldiak, kulturalak, festak eta abar– parte hartuko dutenak.

 

1991ko maiatzaren 5ean Urretxuk eta Schwarzenbruck herri alemaniarrak bi herriak batzen dituen senidetze-akta sinatu zuten, beti ere elkarrekin lan egiteko bidetik eta Europa batua eta irekia lortzeko asmoz, elkarrekin komunikatutako nazioen Europa, elkar aberastuko duena.

Irekitzeko filosofia horrek distantziak eta hizkuntza ezberdintasunak sortarazten dituzten zailtasunak gainditzeko bide eman du. Alemaniako lurretan finkatutako urretxuar baten bitartez herri hauen harremanetarako oinarriak erroturik, herri biak beren kulturak eta bizipenak partekatzen ari dira egunez egun, senidetze hau geroz eta gehiago sendotuz.

Ekitaldi horretan herri bakoitzeko alkateak bere hitzaldia egin zuen eta ondoren Schwarzenbruck eta Urretxuko herrien arteko senidetze akta sinatu zuten.

Euskal Herriko produktuen mahai bat jarri zen ospakizun ekitaldian, eta horrez gain Euskal Herriko eta Urretxuko argazkiak eta katalogoak zeuden ikusgai; herri alemaniarreko bizilagunek oso harrera bikaina egin zioten guztiari.

Ekitaldi horren helburu nagusia bi herrion arteko esperientziak elkarrekin trukatzen jarraitzea da, ondorengo hauek ardatz hartuta:

KULTURA: Bi herriotako kultur taldeen arteko trukaketa.

KIROLA: Kirol taldeen arteko trukaketak eta erakustaldiak.

FORMAZIOA: Bi herriotan zerrenda batzuk irekitzea, familietan trukaketa eginez hizkuntzak ikasi ahal izateko. Udalek bekak ahalbideratzea irakaskuntza tekniko-profesionaletako ikasleei, enpresetan praktikak egin ahal izan ditzaten.

TRUKAKETA INDUSTRIALAK: Inguru biotako enpresen arteko partaidetzarako eta harremanetarako bideak irekitzea. Bi urtetik behin Schwarzenbruck-en egiten den industri-ferian parte hartzeko aukera eskaintzea.

BIDAIAK: Administrazio bietatik bi herrion arteko trukaketa bidaiak, turistikoak, ikasbidaiak, e.a…. bultzatzea.

Agiria sinatu zenetik ia 8 urte igaro diren honetan, Urretxuko Udalak balorazio positiboa egiten du. KULTURA, FORMAZIOA eta BIDAIAK izan dira gehien landu diren arloak, izan ere etengabeko jarduna eta emaitza onak eman baitira arlo horien inguruan.

Datu bat aipatzeagatik, esan dezagun 15 gazte baino gehiago izan direla herri alemaniar horretan "Au-pairs" moduan joandakoak; kultura ezberdinetako bizilagunen artean lotura sendoak ezarri ditu ekimen horrek. Era berean, hemengo kultur taldeek gure folklorea eta kultura ezagutarazi dituzte Alemaniako lurretan. Joxe Mari Iparragirre Institutuko gazteei harrera ezin hobea egin zieten 1993an egindako ikasbidaian, eta aldi berean, gazte alemaniarrak behin baino gehiagotan izan dira gure herrian bisitan.

Bestalde, ezin dugu ahaztu 1992an, Isabeleneko etxea erre zenean, Schwarzenbruck-eko Udalak kaltetuei eskaini zien dirulaguntza oparoa.

Etorkizunari begira hasiera batean ezarritako bidea garatzen eta lantzen jarraitzeko asmoa dago, eta aldi berean, senidetzearen ikuspegia zabaltzea.

Lehen ekinaldi batean udal-ordezkarien arteko topaketak eta lehen harremanak eginda, folklore eta jai agerraldiak eginda, beste etapa bati heldu beharko geniokeelakoan gaude; gure gizarteko esparru berriak hartuko dituen ekinaldi zabalago batean sartu beharra, alegia.

 

1998 eta 2004 urte bitartean harremanetan jarraitu izan dugu, maila instituzionalean baino gehiago maila pertsonalean, hau da, lehendik izan ditugun trukeen ondorioz gazteen artean sortu den adiskidetasunari esker.

Gazteek elkar bisitatzen jarraitzen dute, lagun egin direlako.

2005ean, 50 bat gazte alemanek bisitatu zuten Urretxu; haiei harrera egiteko hainbat jarduera programatu genituen Labeaga antzokian: Urretxuko eta Schwarzenbruckeko gazteen arteko topaketa. Aldi hartan, eta Gernikan bizi den aleman baten ekimenez, xake txapelketa bat antolatu zen senidetuta dauden Euskadiko herrien eta Alemaniako herrien artean (Donostia, Urretxu, Gernika, etab…).

Txapelketak honela garatu izan dira:

2003.- Gernikak txapelketa bat antolatu zuen eta senidetutako gainerako herriak gonbidatu zituen. Urretxuk ere parte hartu zuen.

2004.- Schwarzenbruckek txapelketa bat antolatu zuen eta senidetutako gainerako herriak gonbidatu zituen. Urretxuk ere parte hartu zuen.

2005.- Urretxuk antolatu zuen txapelketa eta senidetutako gainerako herriak gonbidatu zituen.

2006.- Forfheimek antolatu zuen txapelketa eta senidetutako gainerako herriak gonbidatu zituen. Urretxuk ere parte hartu zuen.

2007.- Gernikak antolatu zuen txapelketa eta senidetutako gainerako herriak gonbidatu zituen. Urretxuk ere parte hartu zuen.

2008.- Schwarzenbruckek antolatu zuen txapelketa eta senidetutako gainerako herriak gonbidatu zituen. Urretxuk ere parte hartu zuen.

2008an, Schwarzenbruckeko Udalak Urretxu gonbidatu zuen 15 eta 18 urte bitarteko 10 gazte urretxuarren ordezkaritzarekin parte hartzera Alemaniako herri horrek abuztuan antolatzen dituen gazte topaketetan.